top of page

Asko maite zaitut ama

1
Ez dut gogoan lehen musua,
lehendabiziko bularra.
Ez dut gogoan bizirauteko
bertatik edan beharra.
Nahiz eta ahaztu amak lehenengo
eginiko irrifarra,
ziur naiz hortik datorkidala
bertsotarako indarra.

2
“Nere herriko neskatxa maite”
kantatzen zidan gauetan,
eta halaxe hasi ohi nintzen
egunero ametsetan.
Gaur gure amaren sehaska-kantez
gogoratzen naiz plazetan,
haren ahotsa ateratzen zait
kantuan nagoenetan.

3
Nahiz ta gutxitan aipatu dudan
bertsotan bere izena.
Nahiz txapelketan bere lekua
den guztietan zailena.
Sarri esan dit nere fansetan
handiena bera dena,
baina ez daki ni neu naizela
bera miresten duena.

4
Haren ondoan bizi izan naiz
erregina bat bezela.
Ezin zitekeen hobeto bete
ama on baten papela.
Segundu batez pentsatu ezkero
ni epaile bat naizela,
euren buruan jarriko nuke
Euskal Herriko txapela.

5
Etxe barruko lamina eta
inguruetako dama.
Bihar goizean hurbil zaitezte
goxo-goxo beragana.
Ta esaiozue orain artean
lotsaz gordetako dana:
Eskerrik asko guztiagatik,
asko maite zaitut ama!

 

1
Gertutik bizi izan
dute txapelketa,
poltsikoak klinesez
goraino beteta,
agurren bat prestatu
diegu tarteka,
ta eurentzat da gaurko
bertso gogoeta,
gure amek hainbeste
merezi dute-eta.
2
Bertsolarion amak
gu animatzeko,
hantxe egoten dira
saio bakoitzeko,
eskuekin dantzatuz
hiru-lau panfleto.
Ze estiloa duten
abanikatzeko!
Pantojak ere e’luke
egingo hobeto.
3
Beste batzuk ez dira
ausartzen sartzera,
pentsatuz, “zenbat aldiz
gelditu ote da!”
Errekorritzen dute
frontoiko sarrera.
Pausu hoiek kontatu
ezkero luzera,
helduko lirateke
maratoi batera.
4
Lasaitasunez egin
ohi dute hasperen,
saio bukaerara
heltzean bederen.
Euren lekuan jarri
behar dugu, zeren
bertsolarion amak
omendu ondoren,
ama-bertsolariak
ea izaten garen.
5
Baina titularretan
beti dira tabu,
gure kasuan behintzat
ikusten da klaru.
Norbaitek honi buruz
idatzi nahi badu,
abizena baino lehen
izena daukagu,
ta Arantza ta Mirenen
alabak gara gu.

 

bottom of page